Donostiako Udal liburutegiak Jose Mari San Sebastian “Latxaga”ren liburutegia jaso du dohaitzan
Donostia Kulturako Udal liburutegiak dohaitza interesgarri bat jaso du, Jose Mari San Sebastian “Latxaga” (Donostia,1933-2008) zenaren liburutegia, non aipagarria da “Gabonetako ikuskizuna-Acto para la Nochebuena” Pedro Ignacio Barrutiaren (1682-1759) eskuizkribua. Guztira 150 kaxa dira dohaitza hau osatzen dutenak, bereziki euskal gaien inguruko liburuak eta XVIII-XIX mendetako liburu zaharrak nabarmentzen direlarik. Halaber, Latxagaren eskuizkribuak eta lan agiriak ere jaso dira.
Donostiako Udal liburutegiak dohaitza osoa zerrendatu eta katalogatuko du, ikerlari eta adituen eskuetan kontsultarako eskaini ahal izateko.
Jose Mari San Sebastian “Latxaga” apaiz eta euskal idazlea, Donostian jaio zen 1933an. Parisen egin zituen Teologia ikasketak eta bertan doktoratu zen 1976an. Urte batzu beranduago Antropologiako doktoradutza egin zuen (1979), horretaz gain Sorbonan hizkuntzalaritzari buruzko tesia ere aurkeztu zuen “La représentation du temps dans le verbe basque”, gaztelaniaz La representación del tiempo en el verbo vasco (1994) izenburuarekin argitaratu zena.
Latxagak euskal hizkuntzalaritzari buruzko hainbat ikerketa egin zituen eta aipagarrienen artean Pedro Ignacio Barrutiaren “Gabonetako ikuskizuna-Acto para la Nochebuena” dugu,hain zuzen, Alderdi Eder liburutegian kontsultarako eskatu daitekeen liburua.











