Atala: Bildumak

Jabier Muguruzak “Encuentros con alma”, artistei egindako elkarrizketa liburua aurkeztu du

Jabier Muguruza eta Jorge Gimenez "Encuentros con alma" liburuaren aurkezpenean

Jabier Muguruzak “Encuentros con alma”, artistei egindako elkarrizketa liburua aurkeztu du gaur eguerdian. Bertan eskarmentu luzeko bederatzi artistei egindako elkarrizketak biltzen ditu: Luz Casal, Bernardo Atxaga, Jaume Sisa, Helena Taberna, Xabier Lete, Pablo Guerrero, Martirio, José Ramón Soroiz eta Kiko Veneno.

Noticias Taldeak Mugurazari bere garaian eskatu zizkion elkarrizketak dira, orain Alberdaniak argitaletxeak Alga bilduman argitaratu dituenak. Aurkezpena Alder Zaharrako liburutegian izan da, bertan egon dira egilea eta Jorge Gimenez, argitaratzailea.

Liburua laister izango duzue eskura Donostia Kulturako liburutegietan.

Hilabeteko gaian, Japoni buruzko liburu eta DVDak

Alderdi Eder liburutegiak Japonekin elkartasunean, herrialde honi buruzko hautaketa egin du hilabete honetan. Alde batetik, literatura alorrean japoniar idazleen izenburuak jasotzen dira eta bestetik hainbat gaietako liburuak, besteak beste, gastronomia, zinea, historia, artea, lorezaintza, mitologia, etab. Gida osatzeko japoniar zuzendarien eta Japoni buruzko filmen DVDak daude.

Liburutegi Sareko bazkideak edo Donostia Kulturako txartelaren jabeak bazarete aipatutako liburuak maileguan 21 egunetan edukitzeko aukera duzue.

Raul Guerra Garrido idazleak Ernest Lluch Kultur Etxe Liburutegiko Literatur Solasaldian parte hartuko du “La carta” bere liburuaz hitz egiteko

Datorren ostegunean, hilak 14an, eta Liburuaren Nazioarteko eguna ospatzeko antolatu den egitarauan, Raul Guerra Garrido idazleak Ernest Lluch Kultur Etxe Liburutegiko literatur solasaldian parte hartuko du “La carta” bere liburuaz hitz egiteko

Aurrekoetan egin ohi den moduan, solasaldiaren gidatzailea Javier Mina izango da eta arratsaldeko 18:30etan emango zaio hasiera liburutegiaren kontsulta gelan.

Bestalde, hurrengo solasaldia maiatzaren 12koa, ohiko ordutegia baino ordu t’erdi lehenago hasiko da, arratsaldeko 17:00etan. Bertan Philip Roth idazlearen “Patrimonio” liburua aztertuko da. Ekainan, berriz, aurtengo ikasturteari amaiera emango dion solasaldian Anton Chejov-en “Cuentos imprescindibles” liburuaren txanda etorriko da. Saioa, hilaren 9an izango da, arratsaldeko 18:30etan,.

Azkenik, gogorarazten dizuegu, literatur solasaldietako liburuak Donostiako Udal Liburutegien sarean aurkitu daitezkeela maileguan hartzeko eta solasaldietan parte hartzea doakoa eta irekia dela.

Telefono mugikor erabilien bilketa Liburutegi Nagusiko Haur Sailan

Donostiako Liburutegi Nagusiko Haur Sailak Jane Goodall Institutuak sustatzen duen mugikorrak birziklatzeko “MOVILízate por la selva” kanpainarekin, bat egiten du. Kanpaina honek afrikar ekosistemak babestea du helburu.
Liburutegiak 30 mugikor jasotzen badu txinpantze bat babesteko aukera izango du. Hori horrela bada, txinpantze horren argazkia Liburutegian jarriko da.
Ekimen honekin, Liburutegiak haurren interesa ingurugiroko gaien inguruan piztu egin nahi du. Horretarako, erakusgai jarri dira animali eta naturari buruzko liburu eta Dvdak, bazkideek maileguan etxera eraman ditzaketenak.

Cesare Paveseren “El camarada” liburua Okendo Kultur Etxeko Literatur Hitzorduan

Okendo Kultur Etxean hurrengo apirilaren 7 eta 8an Luisa Etxenikeren eskutik, antolatzen den Literatur hitzordua izeneko ikastaroan, Cesare Paveseren “El camarada” liburua aztertuko da. Eleberri hau faxismoaren etorreran eta aurre egin zien gizartean girotua dago, hain zuzen, Erroma eta Turingo hirietan. Italiako gerra-ondoko eleberri esanguratsuenetakoa da.
Literatur hitzordua gazteleraz izan ohi da eta bertan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aurretik ikastaroan izena emanda izatea. Osteguna, hilak 7ko saioa 18:00tan izango da, eta ostiralekoa berriz, 19:30ean.
Liburua eskura duzue Donostia Kulturako liburutegietan.

Haur Liburu Astea Egia Kultur Etxeko liburutegian

Erakusketako patchwork lana

Egia Kultur Etxeko liburutegiak Haur Liburuaren Nazioarteko eguna ospatzeko hainbat jarduera antolatu ditu. Apirilaren 2an, El Teatre de l’Home Dibuixat taldeak “Harriz harri” lana antzeztu zuen. Apirilaren 4an, berriz, Virginia Imazek “Bigarren printzesa” ipuinaren kontaketa egingo du, 4-8 bitarteko haurrentzat, arratsaldeko 18:00tan.
Bestalde, hilabete osoan zehar “Corre, corre, Mary, corre” ipuinean oinarritutako patchwork erakusketa dago ikusgai. Eskulanen egileak Errenteriako Xenpelar Udal Tailerreko ikasleak dira eta N.M. Bodecker idazlearen “Corre, corre, Mary, corre” ipuin ezagunean inspiratu dira patchwork lanak egiteko. Erakusketa apirilaren 30 arte egongo da ikusgai, arratsaldeko 16:00etatik 20:30ak arte.

“Talking books” ingeles literatur jardunaldiak Okendo Kultur Etxean

Datorren apirilaren 4tik 6ra Talking books izeneko ingeles literatur jardunaldiak ospatuko dira Okendo Kultur Etxeko Areto Nagusian. Hilaren 4an, astelenean, David Bumstead jaunak  hitz egingo du jaunak Donna Leon-en “About face” liburuaz; hilaren 5ean, asteartean, Karen McFarlanek Roald Dahl-en “Matilda” liburuari buruz arituko da, eta azkenik hilaren 6an, asteazkenean, Cassandra Alles-ek Jhumpa Lahiri-ren “The nameske” aztertuko du.

Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu dituzten hitzaldi hauek ingelesez izango dira, arratsaldeko 19:00etan. Sarrera librea da.

Haurrentzako harpa metodo berriaren aurkezpena

Hotsak disketxeak haurrentzako harpa metodo berria aurkeztu du Donostiako udal liburutegi zaharreko Ekitaldi aretoan. Harpa Airean argitalpenaren egilea Ane Artetxe harpa irakaslea da, ilustrazioak, berriz, Patxi Gallegorenak dira.

Ane Artetxe, Francisco Escudero Kontserbatorioko irakaslea da, eta bertako ikasleekin landu du metodo berria. Hain zuzen, ikasle talde batek kontzertu bat eskainiko du Alderdi Eder liburutegian, bihar ostirala, hilak 1, eguerdiko 12:00tan.

Argitalpena laister egongo da eskura Donostia Kulturako liburutegietan.

Ernest Lluch Kultur Etxeak Begoña Ibarrolaren “GuraSOS: inteligencia emocional en la infancia” hitzaldia antolatu du

Begoña Ibarrola psikologoak hitzaldi bat emango du Ernest Lluch Kultur Etxean irakurketak emozioen heziketan daukan funtzioaren inguruan, hau da, nola laguntzen digun hazten, gure emoziorik bizienak ezagutzen, gure barrurako begirada garatzen, eta nola horien bidez gure garuneko area berriak esnatzen diren.
Begoña Ibarrolak, adimen emozionalean eta emozioen heziketan adituak, hainbat liburu idatzi ditu familia eta hezitzaileei zuzenduak haur/ikasleei emozioak hezitzen laguntzeko helburua dutenak, besteak beste aipagarria da “Cuentos para sentir” (2003) izenekoa.

Haur Liburuaren Nazioarteko Egunaren programazioan antolatu den hitzaldia hau, apirilaren 1ean Ernest Lluch Kultur Etxeko Areto nagusian izango da arratsaldeko 18:00etan.

Ernest Lluch Kultur Etxeko Liburutegiak irakurketa gida bat prestatu du eta bertan, Begoña Ibarrolaren liburuez  gain, adimen emozionalean sakontzen laguntzeko beste batzuk ere bildu dira.

Datorren ostiralean ospatuko dituzte Donostia Kulturako liburutegiek Liburuaren Nazioarteko Eguna (apirilak 23) eta Haur Liburuaren Eguna (apirilak 2)

Aitzibar Alonsoren orri markagailua

Aitziber Alonsoren orri markagailua

Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak aurten apirilaren 1ean ospatuko ditu apirilaren 23ko Liburuaren Nazioarteko Eguna eta hilaren 2ko Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna.

Aurreko urteetan egin izan den moduan, egun horretatik aurrera orri markagailuak banatuko dira liburutegietan. Oraingoan Aitziber Alonso izan da marrazkilaria.

Gainera, Liburutegi Nagusiaren Haur Sailak Orixe ikastolarekin batera haurrentzako hainbat jarduera prestatu ditu: Aitziber Alonsoren ilustrazio tailerrak, Olatz Beobide eta Ramon Agirreren irakurketa saioak , Maider Galarzaren ipuin kontaketak, etab.

Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusiari dagokionez, bi kontzertu antolatu dira. Bata, eguerdiko 12:00tan Harpa Airean taldearen eskutik, eta bestea, arratsaldeko 18:00tan Urko Menairen eskutik.

Egunari itxiera emateko Patxi Zubizarretak, Joserra Senperanak eta Thomas Canetek Joan ikuskizuna eskeiniko dute Victoria Eugeniako Club Aretoan. Sarrerako gonbidapenak Victoria Eugeniako lehiatilan jaso behar dira ikuskizunaren egun berean.

Liburuaren Eguneko egitaraua hilabete osoan zehar luzatuko da hainbat ipuin kontaketa, txontxongilo, literatur solasaldi, etaberrekin. Hilaren 28an, ostegunean, Jose Maria Guelbenzuk “El amor verdadero” azken eleberria aurkeztuko du.

Bestalde, Liburutegi Zerbitzuak arreta berezia jarri nahi izan du irakurleengan, hain zuzen, liburutegiak egunero zabaltzearen arrazoi nagusia irakurleak eta orohar bisitariak baitira.

Arrazoi horrengatik sarituko dira 2010 urtean zehar liburutegien sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu dituzten 20 irakurle: 10 heldu eta 10 haur. Saritu bakoitzari Donostiako liburudendetan liburuak erosi ditzan txartel-bono bat emango zaio. Helduen kasuan, txartela 50 eurokoa izango da, eta haurren, kasuan, berriz, 30 eurokoa.

Azkenik, aipamen berezi bat Maritxu San Sebastian eta Isabel San Sebastian ahizpentzat, Latxaga zenaren arrebak. Jose Maria San Sebastian “Latxaga” (1933-2008), Donostian jaio zen, apaiz eta idazle ezaguna, duela hiru urte hil zitzaigun eta bere arrebek erabaki dute bere liburu guztiak dohaintzan eskeintzea Udal Liburutegiari.
Jaso diren 150 kaxa liburuetan hainbat altxor daude, besteak beste, Pedro Ignazio Barrutiaren (1682-1759) Acto para la Nochebuena edota Gabonetako ikuskizuna izeneko eskuizkribua.