2010(e)ko Abenduak 9 por DK Liburutegiak en Berriak, Liburuak, Musika
Joan den larunbatean Xabier Lete (Oiartzun, 1944), idazle, poeta eta kantaria hil zitzaigun Donostian. Bizitzan zehar hainbat poema liburu idatzi zituen eta horretaz gain kantari ezaguna izan zen. Donostia Kulturako liburutegietan Leteren liburuak eta diskak maileguan hartzeko aukera eskaintzen da. Poema liburuen artean aipagarriak dira: Egunsentiaren esku izoztuak (2008), Abestitzak eta poema kantatuak (2006), Zentzu antzaldatuen poemategia (1992), Biziaren ikurrak (1992), Urrats desbideratuak (1981) eta Egunetik egunera orduen gurpillean (1968).
Grabazioei dagokionez berriz, 2009an Neguan izan zen errezitaldiaren DVDa argitaratu zuen Egunsentiaren esku izoztuak liburuan oinarritua. Lehenagokoak dira, besteak beste: Kantatzera noazu, Lurdes Iriondo & Xabier Lete, Lore bat zauri bat, Xabier Lete, R.M. Rilkeren “Orduen liburua”, Basarri, Lazkao Txiki, Txirrita, Xalbador, Xenpelar, Hurbil iragana, eta Antton Valverde eta Julen Lekuonarekin batera atera zuen Bertso zaharrak izenekoa.
“Neguan izan zen
oinazearen malutek
lurra zuritzen zutenean
eta elurra hilator errukitsu zenean,
orduan jaio zinen
hain maiteak zenituen hartxoriekin batera,
mihiseak hotz gelditu ziren
eta etxe bakartian zure aztarrenak
bazter guztietan, horma esankorretan
irrifarre leun haiek
eta visitas baten argazkiak,
neguan izan zen
eta espanturik gabe alde egin zenuen,
isil, zuzen, jakitun, jabe,
bizi zaitez esan zenidan
saia gauza ederrak, maitatu jendea
eta ni… ni itxaroten egonen natzaizu.
Zer naiz orain, esaidazu
fereka nazazu
zure leialtasunez hatz sotilekin,
neguan izan zen
zu aldendu zinenean,
ni ere urrun nago orain
eta bila nabilkizu goizaldeko ordu isiletan
dirudiaren guztiaren beste aldetik,
neguan izan zen.”
Xabier Lete: Egunsentiaren esku izoztuak, Pamiela, 2008. 149-150 orld.