Pecha Kucha Night Zinemaldian: Zinemako beste sekundarioak
Datorren asteazkenean, irailak 22an, arratsaldeko 19:00ean, Kursaaleko Ni Neu jatetxean Pecha Kucha Night ekitaldia ospatuko da Zinemako beste sekundarioak gaiaren inguruan. Vanesa Rodriguez-k aurkeztua, parte hartze zabala izango du, bertan arituko dira Harkaitz Cano, Pablo Echart, Pepe Barrena, Santos Bregaña,Beatriz Iso Soto eta Carlos Marañon.
Pecha Kucha (“txutxu-mutxu”-ren antzeko esanahia japonieraz) jarduera eta hitzaldiaren arteko nahasketa da, Tokyon sortua 2003an, 200 emanalditik gora ospatu dira gaur arte mundu osoko hirietan zehar. Ekitaldi bakar batean eta elkarren segidan, partaide bakoitzak 20 diapositiba aurkezten ditu, bakoitza 20 segundutan (6 minutu eta 40 segundu partaideko!), gai bati buruzko ezaguerak publikoarekin partekatuz.
Jarduera gaztelaniaz izango dena, Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu izan da, Donostia Kulturaren B aldearen programazioaren barne. Sarrera dohainik izango da eta aforoa mugatua.

















