Atala: Ekintzak

Datorren ostiralean ospatuko dituzte Donostia Kulturako liburutegiek Liburuaren Nazioarteko Eguna (apirilak 23) eta Haur Liburuaren Eguna (apirilak 2)

Aitzibar Alonsoren orri markagailua

Aitziber Alonsoren orri markagailua

Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuak aurten apirilaren 1ean ospatuko ditu apirilaren 23ko Liburuaren Nazioarteko Eguna eta hilaren 2ko Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna.

Aurreko urteetan egin izan den moduan, egun horretatik aurrera orri markagailuak banatuko dira liburutegietan. Oraingoan Aitziber Alonso izan da marrazkilaria.

Gainera, Liburutegi Nagusiaren Haur Sailak Orixe ikastolarekin batera haurrentzako hainbat jarduera prestatu ditu: Aitziber Alonsoren ilustrazio tailerrak, Olatz Beobide eta Ramon Agirreren irakurketa saioak , Maider Galarzaren ipuin kontaketak, etab.

Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusiari dagokionez, bi kontzertu antolatu dira. Bata, eguerdiko 12:00tan Harpa Airean taldearen eskutik, eta bestea, arratsaldeko 18:00tan Urko Menairen eskutik.

Egunari itxiera emateko Patxi Zubizarretak, Joserra Senperanak eta Thomas Canetek Joan ikuskizuna eskeiniko dute Victoria Eugeniako Club Aretoan. Sarrerako gonbidapenak Victoria Eugeniako lehiatilan jaso behar dira ikuskizunaren egun berean.

Liburuaren Eguneko egitaraua hilabete osoan zehar luzatuko da hainbat ipuin kontaketa, txontxongilo, literatur solasaldi, etaberrekin. Hilaren 28an, ostegunean, Jose Maria Guelbenzuk “El amor verdadero” azken eleberria aurkeztuko du.

Bestalde, Liburutegi Zerbitzuak arreta berezia jarri nahi izan du irakurleengan, hain zuzen, liburutegiak egunero zabaltzearen arrazoi nagusia irakurleak eta orohar bisitariak baitira.

Arrazoi horrengatik sarituko dira 2010 urtean zehar liburutegien sare osoko mailegu zerbitzuetan liburu gehien hartu dituzten 20 irakurle: 10 heldu eta 10 haur. Saritu bakoitzari Donostiako liburudendetan liburuak erosi ditzan txartel-bono bat emango zaio. Helduen kasuan, txartela 50 eurokoa izango da, eta haurren, kasuan, berriz, 30 eurokoa.

Azkenik, aipamen berezi bat Maritxu San Sebastian eta Isabel San Sebastian ahizpentzat, Latxaga zenaren arrebak. Jose Maria San Sebastian “Latxaga” (1933-2008), Donostian jaio zen, apaiz eta idazle ezaguna, duela hiru urte hil zitzaigun eta bere arrebek erabaki dute bere liburu guztiak dohaintzan eskeintzea Udal Liburutegiari.
Jaso diren 150 kaxa liburuetan hainbat altxor daude, besteak beste, Pedro Ignazio Barrutiaren (1682-1759) Acto para la Nochebuena edota Gabonetako ikuskizuna izeneko eskuizkribua.

Harituz Kultur Elkartearen kontzertua Ernest Lluch Kultur Elkartean

Harituz Kultur Elkartea

Datorren urtarrilaren 25ean Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian Harituz Kultur Elkartearen eskutik, Gonzalo Martín (biola), Iñigo Ruiz de Gordejuela (pianoa), Unai Ruiz de Gordejuela (biolontxeloa) eta Olatz Ruiz de Gordejuelak (pianoa) osatzen duten musikari laukote honek Beethoven, Mozart eta Fauré-ren obrak interpretatuko ditu.

Hitzordua, urtarrilaren 25ean, asteartean, iluntzeko 19:30ean izango da. Sarrera dohan.

Bestalde, gogorarazten dizuegu Donostia Kulturako txartelaren jabe bazarete, Beethoven, Mozart eta Fauré-ren Cdak maileguan hartzeko aukera duzuela.

Abesbatzen Astea Donostiako Antigua auzoan

Urtero bezala, Donostia Kulturak Abesbatzen Astea antolatu du Tolosako CITekin lankidetzan. Gure auzoetako elizetan hainbat emanaldi  dira egunotan Tolosako nazioarteko lehiaketara etorritako taldeen eskutik. Kontzertu guztiak doakoak dira. Antiguako Ibaeta parrokian Orfej Chamber Choir esloboniarrak izango dira urriaren 25ean, iluntzeko 19:30ean.

Honen hildotik, Lugaritz liburutegian gida bat prestatu dugu fonotekan diren hainbat materialekin.

Blog honen eskuinaldeko behe partean, Zuzenean atalean, Katalogoaren kontsulta egin dezakezue, Ahotserako musika Soinu-grabazioak lemapean Donostiako Udal Liburegietan diren mota honetako diska guztien egoera ezagutzeko aukera ematen zaizue.

Mitologia eta psikologiaren inguruko solasaldia Loiola Kultur Etxean Ibon de la Cruz adituarekin

Ostegunean, hilak 21 iluntzeko 19:00tan, Loiola Kultur Etxean hileroko solasaldia izango da,“Mitologia eta Psikologia: ahaztutako ezagutza” gaiaren inguruan. Ibon de la Cruz adituak gidatua, ahaztutako ezagutzan oinarrituko da. Solasaldirako gomendatutako argitalpenak dira: Mitología: guía ilustrada de los mitos del mundo liburua, Duelistas, Tierra Julio Medemek zuzendua, Ghost dog = El camino del samurai eta Juan Salvador Gaviota DVDak.

Hurrengo hilabeteetarako egitarauan, alde batetik harremanak eta lidergoa (azaroak 18) eta bestetik, istoriak kontatzearen osasungarritasuna (abenduak 16) landuko dituzte.

Azkenik gogorarazten dizuegu Udal Liburutegien Sareko bazkide bazarete edo Donostia Kulturako txartelaren jabe, literatur solasaldietarako hautatzen diren liburuak eta DVDak maileguan eskatzeko aukera duzuela.

Ostiraletan haur txikientzako Ipuinaren Ordua Lugaritz Kultur Etxean

Dagoeneko eman zaio hasiera haur txikientzako Ipuinaren Ordua jardueraren denboraldi berriari Donostia Kulturako liburutegietan. Lugaritz Kultur Etxean antolatu diren saioak euskaraz izango dira, ostiralero eta arratsaldeko 18:00tan (urriak 8 Ipuin desberdinak eta pinpirinak, urriak 15 Ipuin zorroak ez ditu zomorroak, urriak 22 Hain dira bitxiak ipuin miresgarriak! eta urriak 29 Entzun potxolo! Ipuinak egiten du bilin-bolo). Lamiak taldearen eskutik, 3-5 urte bitarteko haurrentzat antolatzen dira. Animatu eta eraman zuen haurrak bertara, ez zarete damutuko!

Urrian Haur txikientzako Ipuinaren Ordua Okendo Kultur Etxeko Liburutegian

Datorren urrian haur txikientzako Ipuinaren Ordua jardueraren denboraldi berriari emango zaio hasiera Donostia Kulturako liburutegietan. Groseko Okendo Kultur Etxean antolatu diren saioak Haurtxotekan izango dira euskaraz, asteazkenero (urriak 6 Ipuin desberdinak eta pinpirinak, urriak 13 Ipuinen zorroak ez ditu zomorroak, urriak 20 Hain dira bitziak ipuin miresgarriak!!, urriak 27 Entzun potxolo! Ipuinak egiten du bilin-bolo) arratsaldeko 18:00tan. Lamiak taldearen eskutik, 3-5 urte bitarteko haurrentzat antolatzen dira. Animatu eta eraman zuen haurrak bertara, ez zarete damutuko!

Liburutegi Nagusiko Haur Sailak Bisitaldi Gidatuak eta Ipuinaren Orduaren saioak antolatzen ditu

Datorren urriatik aurrera Liburutegi Nagusiko Haur Sailak (Fermin Calbeton, 25) ikasleentzako bisitaldi gidatuak antolatzen ditu Liburutegiaren zerbitzuak eta erabilpena azaltzeko.

Bisitaldiak, Lehen Hezkuntzako 4., 5., eta 6. mailako ikasleentzat dira, eta astelehenero izaten dira goizeko 10:00etatik 11:00ak bitartera. Saio bakoitzean gehienez 25 ikasleko taldeak hartzen dira eta aldez aurretik ordua eta eguna eskatu behar dira, 943-481999 telefono zenbakian.

Bestalde, astelehenero ipuinaren orduaren saioak izaten dira euskaraz,  Lamiak taldearen eskutik, hiru eta bost urte bitarteko haurrentzat, arratsaldeko 18:00tan (urriak 4 Ipuin abarrez, gu irribarrez, urriak 18 Ipuin desberdinak eta pinpirinak eta urriak 25 Ipuinen zoroak ez ditu zomorroak). Animatu eta eraman zuen haurrak bertara, ez zarete damutuko!

Literatura Unibertsala bildumaren mahai ingurua antolatu du EIZIEk Itzulpengintzaren Nazioarteko eguna ospatzeko.

Literatura Unibertsala itzulpen bildumaren inguruko mahai ingurua antolatu du Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak, 2010eko irailaren 30ean Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Gotzon EgiaEIZIEkidea gidari dela, hiru lagun gonbidatu dira gaia aztertzera: Iratxe Retolaza literatur kritikaria, Xabier Olarra itzultzaile eta editorea, eta Lurdes Otaegi unibertsitateko irakaslea.

Itzulpena, hizkuntza edota literatura gogoko duzuen guztiok gonbidatuak zaudete ekitaldian parte hartzera irailaren 30ean, arratseko 19:30ean, Donostiako Konstituzio plazako liburutegi zaharreko Ekitaldi aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik).

Azkenik, gogorarazten dizuegu Literatura Unibertsala bildumako liburuak eskuragarri dituzuela Donostia Kulturako liburutegietan.

Tatiana de Rosnay idazlearekin solasaldia Okendo Kultur Etxean

Tatiana de Rosnay idazle frantziarrak solasaldi bat eskainiko du Okendo Kultur Etxean datorren ostiralean, irailak 25ean, arratsaldeko bostetan.

Tatiana de Rosnay La llave de Sarah eleberriaren egilea da, mundu osoan izugarrizko arrakasta lortu duen liburu eta orain Gilles Paquet-Brenner zuzendari frantziarrak zinemara eraman du. Gainera, aurtengo Donostiako  58. Zinemaldiaren edizioa ixteko aukeratua izan da, lehiaketaz kanpo.

Ekitaldi hau DK literatura programan antolatua izan da eta gaztelerara itzuliko da. Ana Blázquezek aurkeztua, Lourdes Pérez arituko da gaztelaniarako itzulpen lanetan.

Egileari buruz informazio gehiago eskuratzeko egin klik hemen. Azkenik, gogorarazten dizuegu egile honen liburuak eskuragarri dituzuela Donostia Kulturako Liburutegi Sarean.

Marc Levy idazlearekin solasaldia Okendo Kultur Etxean

Marc Levy, idazle frantziarrak solasaldi bat eskainiko du Okendo Kultur Etxean datorren ostiralean, irailak 24ean, arratsaldeko 19:00ean.

Marc Levyk oraingo honetan Donostiako Nazioarte Zinemaldiko epaimahaikidea da, eta horretaz gain idazlea ere bai, bere hainbat idazlan zinemara eramanak izan dira. Berriki argitaratu du El primer día izeneko liburua eta aurrekoen artean arrakasta izan zuen Las cosas que no nos dijimos argitalpenak.

Ekitaldi hau DK literatura programan antolatua izan da eta gaztelerara itzuliko da. Ana Blázquezek aurkeztua, Lourdes Pérez arituko da gaztelaniarako itzulpen lanetan.

Egileari buruz informazio gehiago eskuratzeko egin klik hemen.
Gogoratu Marc Levyren liburuak eskuragarri dituzula Donostia Kulturako Liburutegi Sarean.