Donostiako udal liburutegien sarea

Ez adiorik!

Azkenaldi honetan Liburutegiko albisteak bloga isilik egon da, baina bitarte horretan lanean aritu gara eta gaurtik aurrera liburutegien arloko bi blog berri abiaraziko ditugu.
Alde batetik, Liburu Dantza, liburuen gomendioak idatzi eta irakurtzeko blog irekia; eta bestetik, Liburutegien Ahotsa, Arantza Urkia Udal Liburutegi Sareko zuzendariaren bloga. Horretaz gain, Donostia Kulturak web ataria berritu du eta bertan liburutegien inguruko berriak ematen dira.

Liburutegiko albisteak 2009ko azaroan sortu zen, eta ordutik gaur arte ibilbide luzea egin du. Zuetako asko partaide izan zaituztegu eta guztioi eskerrak eman behar dizkizuegu zuei esker bloga errealitate izan baita. Orain Liburu Dantza eta Liburutegien Ahotsa entzuteko aukera ematen dizuegu. Ez adiorik!

Markos Untzetak Mississipi diska berria aurkeztu du

Mississipi diskoaren azala

Mississipi diskoaren azala

Markos Untzetak (Eibar, 1970) bere hirugarren diskoa kaleratu du gaur goizean Mississippi izenburuarekin, blues, gospel eta country musikaren lurraldera egindako bidaia. Disko berria, Gaztelupeko Hotsak etxearen eskutik kaleratua, aurrerapauso handia da Markos Untzetaren ibilbidean, hain zuzen aurreko bi diskoak rock amerikarraren ildokoak baitira.

Disko hau laister izango duzue eskura Donostia Kulturako liburutegietan.

Nancy Huston-en “Marcas de nacimiento” Okendoko Literatur hitzorduan

"Marcas de nacimiento" liburuaren azala

Okendo Kultur Etxean maiatzaren 12an eta 13an egingo den Literatur Hitzorduan Nancy Huston idazlearen  “Marcas de nacimiento” eleberria aztertuko da.  Liburuak politika eta familiako gertakizunen eragina aztertzen du. Lau haurren kontakizunen bidez, orainalditik iraganera, irakurlea pertsonaien oroitzapenetan sartzen da, familiaren istorioa elkartuz eta guztien bizitzetan eragina izan duen sekretua azalduz.
Luisa Etxenikek gidatzen duen literatur hitzordua gazteleraz izan ohi da eta bertan parte hartu ahal izateko beharrezkoa da aurretik ikastaroan izena emanda izatea. Osteguna, hilak 12ko saioa 18:00tan izango da, eta ostiralekoa berriz, 19:30ean.
Liburua eskura duzue Donostia Kulturako liburutegietan.

“Marcas de nacimiento” liburuarekin amaiera emango zaio ikastaro honi hurrengo udazken arte.

Paddy Rekalde idazleak “Spray” poesia liburu berria aurkeztu du

"Spray" liburuaren azala

Paddy Rekalde idazleak (Bilbao, 1964) ” Spray” poesia liburu berria aurkeztu du gaur goizean Donostiako Alde Zaharreko liburutegi zaharrean. Kaleko horma batean sprayez idatzita ikusi zuen poema batek eman zio egileari liburuaren izenbururako ideia.

Honela dio izenburu bereko poemaren zati batean:

astindu egizu spray hori, astindu
eta ekarri poema horiek kale hustu hauetara
raparen erritmoaz, punkaren amorruaz
edota rumbak ekartzen duen swing gozoaz”

Idazlearekin batera ekitaldian parte hartu du Susa argitaletxeko Gorka Arrese arduradunak. Liburu hau laister izango duzue eskura Donostia Kulturako liburutegietan.

Xabier Etxaniz Rojo idazleak “Txatartegirako ipuinak” liburuaren aurkezpena egingo du DK Literatura programan

Xabier Etxaniz Rojo

Xabier Etxaniz Rojo idazle pasaitarrak (1971), Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen “Txatartegirako ipuinak” bere azken liburuaren inguruko solasaldia eskeiniko du. Harkaitz Canok egingo dio sarrera eta gidatuko du ondoren irakurleekin egingo den solasaldia.

Ekitaldia, datorren maiatzaren 12an, iluntzeko 19:30ean egingo da, Alde Zaharreko Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik). Amaieran, idazleak liburuaren aleak sinatuko ditu.

Solasaldia DK Literatura programan antolatzen da, Donostia Kultura eta Gipuzkoako Liburudenden Elkartearen ekimenari esker: ekainaren 14an Pentsamenduaren Poesia errezitaldiaren txanda izango da; eta azkenik ekainaren 15ean Manuel Rivas idazleak “Todo es silencio” liburua aurkeztuko du.

Iñaki Gurruchaga Zapirain donostiarrak “Si se me permitiera…” bere lehendabiziko poema liburu aurkeztuko du

Iñaki Gurruchaga Zapirain donostiarrak “Si se me permitiera…” bere lehendabiziko poema liburu aurkeztuko du, datorren maiatzaren 10ean Alde Zaharreko Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik), iluntzeko 19:30ean. Egilea berak argitaratu duen liburu honek, Ibon Gurrutxagaren ilustrazioak ditu eta orijinalak ikusgai egongo dira aurkezpenean.

Esteban Ayala irakasleak aurkeztuko du egilea eta gidatuko du irakurleekin ondoren, izango den solasaldia.

Amaieran, idazleak liburuaren aleak sinatuko ditu.

Mario Zunzarrenek “Lehendakari” liburua aurkeztu du, lau lehendariei egindako elkarrizketekin

"Lehendakari" liburuaren azala

Mario Zunzarrenek “Lehendakari” liburua aurkeztu du gaur eguerdian, Carlos Garaikoetxea, José Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendariei egindako elkarrizketekin.

Aurkezpena Alde Zaharreko Udal liburutegi zaharrean izan da, bertan parte hartu dute idazleak eta Jorge Giménez, Alberdania argitaletxeko arduradunak.

Liburua laister izango duzue eskura Donostia Kulturako liburutegietan.

Literatur solasaldian Philippe Claudel-en “Almas grises” liburuaz arituko dira

Philippe Claudel idazlearen "Almas grises" liburuaren azala

Udal liburutegi zaharreko literatur solasaldian Philippe Claudel-en “Almas grises” liburuaz arituko dira. Data aldetik, Bazko astean egiteke zena maiatzaren 3ra atzeratu da. Beatriz Monrealen gidaritzapean, iluntzeko 19:30ean emango zaio saioari hasiera eta Liburutegiak idazlearen dosier informatiboa prestatu du.

Hurrengo solasaldietarako hautatuak izan dira: maiatzak 31 Daniel Glattauer-en “Contra el viento del norte” eta ekainak 28 Wallace Stegner-en “El pájaro espectador”.

Azkenik, gogorarazten dizuegu Donostiako Udal Liburutegien Sareko bazkide bazarete  edo Donostia Kulturako txartelaren jabe, literatur solasaldietarako hautatzen diren liburuak maileguan etxera eramateko aukera duzuela.

Literatur solasaldian Jon Benitoren “Bulkada” liburuaz arituko dira

Jon Benitoren "Bulkada" liburuaren azala

Udal liburutegi zaharreko literatur solasaldian Jon Benitoren “Bulkada” liburuaz arituko dira. Data aldetik, Bazko astean egiteke zena maiatzaren 2ra atzeratu da. Iluntzeko 19:30ean emango zaio saioari hasiera eta Liburutegiak idazlearen dosier informatiboa prestatu du.

Hurrengo solasaldietarako hautatuak izan dira: Eider Rodriguezen “Katu jendea” maiatzaren 30ean eta Iratxe Esnaolaren “Galerna”, ekainak 14an.

Azkenik, gogorarazten dizuegu Donostiako Udal Liburutegien Sareko bazkide bazarete edo Donostia Kulturako txartelaren jabe, literatur solasaldietarako hautatzen diren liburuak maileguan etxera eramateko aukera duzuela.

Jose Maria Guelbenzu idazleak ” El amor verdadero ” liburua aurkeztuko du DK Literatura programan

José María Guelbenzu

Jose Maria Guelbenzu idazleak (Madrid, 1944) ” El amor verdadero ” liburua aurkeztuko du datorren ostegunean apirilak 28, Alde Zaharreko Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoan (sarrera San Jeronimo kaletik), arratsaldeko 19:30ean. Siruela argitaletxeak kaleratu duen liburuak amaiera ematen dio, 1968an “El Mercurio” eleberriarekin hasiera eman zitzaion sailari, bertan hirurogeiko hamarkadan Unibertsitatean hasi zen belaunaldia isladatzen da.
Beatriz Monrealek aurkeztuko du idazlea eta gidatuko du irakurleekin ondoren, izango den solasaldia.

Liburutegiak idazlearen dosier informatiboa prestatu du, eta liburua eskura dago Donostia Kulturako liburutegietan.

Solasaldia DK Literatura programan antolatzen da, Donostia Kultura eta Gipuzkoako Liburudenden Elkartearen ekimenari esker. Lauhilabeteko honetako programan liburu aurkezpenak eta poesia errezitaldiak izango dira: maiatzaren 12an, Xabier Etxanizek “Txatartegirako ipuinak” liburua aurkeztuko du; ekainaren 14an Pentsamenduaren Poesia errezitaldiaren txanda izango da; eta azkenik ekainaren 15ean Manuel Rivas idazleak “Todo es silencio” liburua aurkeztuko du.